Gobierno de España. Ministerio de Inclusión, Seguridad Social y Migraciones. Secretaría de Estado de la Seguridad Social y Pensiones - Dirección General de Ordenación de la Seguridad Social
Administración Presupuestaria

Gehieneko muga

Balioa handitzeko arauek gehieneko muga ezartzen diete, urtero, pentsio publikoei. Onuradun bakarrak jasotzen dituen pentsioak edo pentsioen baturak ezin du gainditu muga hori.

Muga horretatik salbuetsita dauden pentsio bakarrak terrorismo-ekintzengatik jasotako pentsioak eta "Balioezintasun Handia”-gatik administrazio-mutualitateek (MUFACE, MUGEJU eta ISFAS) edo Gizarte Segurantzak emandako prestazio osagarriak (pentsioaren % 50) dira.

2024ean muga-zenbateko hori hilean guztira 3.175,04 eurokoa izango da titularrak urtean 14 soldata jasotzeko eskubidea duenean edo, bestela, urtean guztira 44.450,56 eurokoa.

Xede horrekin, abenduaren 28ko 37/1988 Legearen 42. artikuluak zera xedatzen du:

pentsio publikotzat joko dira:

  1. Estatuko Klase Pasiboen Erregimenak ordaintzen dituenak eta, orokorrean, Estatuko Gastuen Aurrekontuen 07. Atalean jasotzen diren kreditu soberakinen bitartez ordaintzen direnak.
  2. Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrak eta Erregimen Bereziek ordaindutakoak, kontribuzio-modalitatekoak ez diren Gizarte Segurantzaren pentsioak, atzerrian bizi diren espainiarrei ordaindutako zahartzaro eta ezintasunagatiko pentsio ekonomikoak eta itzuli diren espainiarrei zahartzaroagatik ordaindutako laguntza-pentsioak.
  3. Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorraren Funts Bereziek, Indar Armatuen Institutu Sozialak, Mutualitate Orokor Judizialak edo adierazitako Mutualitateek eskaintzen dituztenak; bai eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren Funts Bereziarenak ere.
  4. Autonomia-erkidegoen, tokian tokiko korporazioen edota erakundeen aurreikuspen sistema edo erregimenek ordaindutakoak.
  5. Erabat edo neurri batean baliabide publikoen bitartez finantzatutako mutualitateek, segurantza-mutualitateek edo gizarte aurreikuspen erakundeek eskainitakoak.
  6. Euren kapitalean zuzenean edo zeharka Estatuaren, Autonomia-erkidegoen, tokian tokiko erakundeen edo organismo autonomoen parte-hartzea duten enpresa edo sozietateek, horien izaera juridikoa edozein dela ere, zuzenean edota beste erakunde bati dagokion aseguru-poliza sinatu izanagatik eskaintzen dituztenak, edota mutualitate edo aurreikuspen erakundeek eskainitakoak, pentsioaren onuradunen ekarpen zuzenak baliabide publikoekin osatzen badira, bai eta enpresa edo sozietatearen baliabideekin osatzen badira ere.
  7. Estatuko Administrazioak edo Autonomia-erkidegoek ordaindutakoak, 1960ko uztailaren 21eko Legea eta uztailaren 24ko 2620/1981 Errege Dekretua betez; baita gutxieneko diru-sarrera bermatzeko sorospen ekonomikoak eta Elbarrien Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak aurreikusitako hirugarren pertsona baten laguntzagatiko sorospenak ere.
  8. Aurreko ataletan izendatu ez diren pentsioak, erabat edota neurri batean baliabide publikoen kontura ordaintzen badira.

Ez dira pentsio publikotzat joko enplegu pentsio planen edo aseguru kolektiboen kontratuen bitartez ordaindutakoak; ezta enpresa gizarte aurreikuspen mutualitateek sinatutakoak eta Administrazioek, organismoek, erakundeek eta enpresek sustatutakoak ere. Horiei dagokie azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Pentsio Plan eta Funtsak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren bigarren azken xedapena eta bertan adierazitakoa.